Wilhelm Frick
Wilhelm Frick (Alsenz, Bavariako Erresuma, Alemaniar Inperioa, 1877ko martxoaren 12a - Nurenberg, 1946ko urriaren 16a) alemaniar politikari nazia izan zen.
Zuzenbidea ikasi zuen Berlin eta Heidelberg unibertsitateetan. Bavariako funtzionarioa izan zen 1903tik eta fiskal gisa lan egin zuen Municheko Polizian.
1923tik Kriminalpolizeiko burua izan zen eta Hitlerrek zuzendutako Municheko Putschen parte hartu zuen. 1924an Reichstageko kide hautatu zuten eta 1925ean nazien alderdiarekin bat egin zuen.
1933an Hitler kantzilerrak Barne ministro izendatu zuen. Erregimen naziaren arraza-politikan giltzarri eta Nurenbergeko Legeen arduradunetako bat izan zen. 1942an Ministerioa utzi eta Bohemia eta Moraviako protektoratuko babesle izendatu zuten.
Nurenbergeko epaiketan heriotza zigorra ezarri zioten. 1946ko urriaren 16an hil zen urkatuta beste buruzagi nazi batzuekin batera.